Maitia, nun zira

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maitia, nun zira
Dulce Pontesen , Kepa Junkeraren , Imanol Larzabalen , Anne Etxegoienen , Amaia Zubiriaren , Estitxuren eta Kalakanen musika-lana
Egilea(k) Dulce Pontes , Kepa Junkera , Imanol Larzabal , Anne Etxegoien , Amaia Zubiria , Estitxu eta Kalakan
Argitaratze-data 1720(e)ko hamarkada
Ezaugarriak
Hizkuntza euskara
Tonoa Fa maior
Bestelako lanak
Musikagilea Jose Tomas Urunuela
Jean Dominique Julien Sallaberry

Maitia, nun zira Zuberoako euskal abesti herrikoia da. Jose Tomas Urunuela gasteiztarrak harmonizatu zion orain ezagunena dugun musika, 1930 . urtearen inguruan. [1]

Abestiaren azalpena [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Undureine

Piarres Lafittek argitaratu zuenez, 1701eko azaroaren 9an Hauzeko elizan bataiatutako Jeanne Undureine emakumeari eginiko kanta da. Aitoren semea zuen aita, Undureineko jauna; eta ama ere, aitoren alaba , Zibozekoa .

Zuberoako aitoren alaba gehientsuenak bezala, Jeanne haurra Oloroeko komentu batean hezi zuten. Hain etxe oneko neskatxa ezkontzeko adinetara heltzearekin, hartaz gizon gazte anitz agradatuko ziren. Ororen artetik, hautatu zuen Mixel de Reyau, zuberotar aitoren semea. Baina hautu hori ez zuen gogoko Jeanneren aitak. Bere baimena errefusatu zuen, eta, kantoreak dioenez, alaba berriz komentuan ezarri. Mixelen auhenak eta Jeanneren erantzunak jasotzen bide ditu, beraz, abestiak. [2]

Abestiaren hitzak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Hitzen argigarri, zati bakoitzean nor mintzo den adierazi dugu. Lafittek jasotako antolamendu tradizionalean, zortzi lerro (6, 7, 7, 6, 12, 7, 7 eta 6 silabakoak, hurrenez hurren) ditu bertso bakoitzak. Hemen, berriz, Urunuelak bezala antolatu ditugu bertsoak, antolamendu tradizionaleko bertso bakoitza bitan zatiturik eta lerrorik luzeena (12 silabakoa) erdibiturik. Bestalde, Jeanneren azken mintzaldia eta Jeanneren aitarena ez daude Urunuelaren bertsioan (horregatik ez diegu ≪bis≫ marka ezarri bertso bakoitzeko azken lerroaren ondoan).

Mixel:

Maitia, nun zira?
Nik etzutut ikusten
ez berririk jakiten
nurat galdu zira? [bis]

Ala khanbiatu da [3]
zure deseina?
Hitzeman zenereitan
ez behin, bai berritan
enia zinela! [bis]

Jeanne:

Ohikua nuzu
ez nuzu kanbiatu
bihotzian beinin hartu
eta zu maitatu. [bis]

Aita jeloskor batek
dizu kausatu.
Zure ikustetik
gehiago mintzatzetik
hark nizu pribatu. [bis]

Mixel:

Aita jeloskorra!
Zuk alaba igorri
arauz ene ihesi
komentu hartara. [bis]

Agian ez ahal da
sarturen serora!
Fede bedera dugu
alkarri eman tugu
gauza segurra da. [bis]

Jeanne:

Zamariz iganik,
Jin zazkit ikustera,
Ene kontsolatzera,
Aitaren ixilik.


Hogei eta lau urthe
batizit betherik:
Urthe baten burian,
Nik ez diket ordian
Aitaren axolik.

Jeanneren aita:

Alaba diener
erranen dit orori:
≪So'gidaziet eni
beha ene erraner.


Gaztetto direlarik,
untsa diziplina!
Handitu direnian
berant date ordian
nik badakit untsa≫. [2]

Partitura eta doinua [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Salaberrik doinu eta partitura hau jaso zuen 1870ean: [4]

MAITIA, NUN ZIRA ?
Page 1Page 2

Istorioaren bukaera [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Lafittek eginiko ikerketen arabera, aitak barkatu zion alabari: azkenean, Jeanne gaixoa ohorezki ezkondu zen.

Erreferentziak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

  1. ≪El musicologo Jose Tomas Urunuela Fernandez de Larrea fallece el 3 de julio de 1963≫ , uztaileko efemerideetako bat, Euskonews & Media aldizkaria, 539. zenbakia, 2010eko uztailekoa.
  2. a b LAFITTE Piarres: ≪Nori buruz egin zen “Maitia, nun zira” kantu xaharra?≫, in Euskal literaturaz , Euskal Editoreen Elkartea, 1990. Klasikoen Gordailuan eskuragarri: < http://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/L/LafitteLiteraturaz022.htm >.
  3. Toki askotan ≪hala≫ (= modu hartan aldatu da?) jartzen duen arren, dudarik ez da ≪ala≫ (= edo aldatu al da?) dela tradizioan abestu izan dena.
    - SALABERRI, J.-D.-J.: Chants populaires du Pays basque . Baiona: Lamaignere, 1870. ≪Maitia, nun zira?≫ 4. or.
    - ETXEMENDI Paul eta LAFITTE Piarres: Kantuz. Recueil de 120 chansons populaires basques. Baiona: Eskual-Herria, s.a. ≪Maitia, nun zira≫, 110. or.
    - ETXEMENDI Paul eta LAFITTE Piarres: Ene hautia. 25 chants basques. 6. ed. Donapaleu: Vogel, ia, s.a. ≪Maitia, nun zira≫, 4. or.
    - ETXEMENDI Paul eta LAFITTE Piarres: Xaramela. Donostia: Elkar, 1985. ≪Maitia, nun zira≫, 208. or.
    - ETXEMENDI Paul eta LAFITTE Piarres: Kantu Kanta Khantore. Baiona: Ezkila, 1967. ≪Maitia, nun zira≫, 101. or.
  4. SALABERRI, J.-D.-J.: Chants populaires du Pays basque . Baiona: Lamaignere, 1870. ≪Maitia, nun zira?≫ 4. or. Ikus, Wikiturrietan.

Kanpo estekak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Wikiteka n badira testuak, gai hau dutenak:
Maitia, nun zira