Michael John Collins
(
irlanderaz
Micheal Sean O Coileain
;
Clonakilty
,
Corkeko konderria
,
1890eko
urriaren 16a
? Beal na mBlath, Corkeko konderria,
1922ko
abuztuaren 22a
) buruzagi iraultzaile irlandarra,
Irlandako Errepublikako
ogasun ministroa,
IRAren
inteligentzia zuzendaria eta
Itun anglo-irlandarreko
negoziatzailea izan zen.
1922ko
Irlandako Gerra Zibilean
hil zuten. Gaur egun Irlandako alderdi politiko guztiek omendu eta onartzen dute Irlandako Estatu modernoa sortzean egin zuen lanagatik, baina bereziki
Fine Gael
alderdikoak dira bere jarraitzaile zuzenenak.
Michael John Collins
1890ean
Sam´s Cross herrixkan jaio zen,
Clonakilty
udalerritik hurbil,
Cork konderrian
. Biografia askok bere jaiotzaren data 1890ko urriaren 16an jartzen dute, bere hil ondorengo
epitafioan
jaiotzaren data 1890ko urriaren 12a irakur daiteke.
Bere familiak zenbait titulu noble izan zituen haien artean: "Ui Chonaill-eko Jaunak", Limerick-etik gertu, baina beste irlandar askok bezala, titulu hauek kendu eta baserritar arrunten mailara aldatu zituzten. Halere, beren baserriak, XIX. mendearen amaierako irlandar baserritarren gehiengoa baino bizitza aberats eta eroso bateko aukera eman zien. Michael-en arreba zaharrena (Mary Celestine Arreba bezala ezagutua) erizaina zen eta eskolako irakasle zen
Londresen
.
Michael Collinsen aita (bere izen berekoa)
mugimendu errepublikarrean
ibilitakoa zen, baina 60 urterekin nekazaritzara osorik emanda zegoen Marianne O'Brien 23 urteko neskatila gaztearekin ezkondu zenean. Michaelek sei urte zituela hil zitzaion aita.
Collins ume buruargi eta bizia zen, izaera latz eta nazionalismo edo abertzaletasun sentipen gartsukoa. James Santry herriko maisuaren irakaspenek, Collins umearen sentipen abertzale hau gehiago xaxatu eta susperrarazi zuten. Garai honetan, Lisavaird National School ikastexeko goi-zuzendaria eta
Irlandar Anaitasun Errepublikarraren
(IRB,
Irish Republican Brotherhood
) kide zen Denis Lyons izan zen Michael Collins gaztearengan eragin handien izan zuen pertsonaia (Etorkizun batean, Collins bera izango zen Irlandar Anaitasun Errepublikarraren buruzagia). Collins, kirolak maite zituen gazte lerden eta garaiera handikoa zen.
Gaztetatik mugimendu abertzale edo nazionalistetatik gertu ibili zen. Irlandar ugarik bezala, 15 urterekin eskola utzi ondoren
Londonera
joan zen lan egitera. Zerbitzu zibileko azterketa pasatuta, postetxe batean hasi zen lanean. Garai hartan bere arreba Johannarekin bizi zen
Londresen
, hiriburu honetako King´s College-n ikasten egon zelarik.
1906ko
otsailean Britainiar Zerbitzu Zibileko azterketa pasatu ostean,
1906ko
uztailetik aurrera Britainiar Posta Zerbitzuan hasi zen lanean funtzionario. 1910an, Horne and Company enpresaren mezulari bilakatu zen.
1915an
berriz, Gurantee Trust Company of New York enpresara mugitu zen, bere 1916ko Irlandarako itzulera arte azken enpresa horretan lan egingo zuelarik.
London GAA
kirol taldeko (Londresko Kirol Elkarte Gaelikoa) kide bihurtu zen, eta baita Irlandar Errepublikar Anaitasuneko (IRB, Irish Republican Brotherhood) kide, Irlandako independentzia helburu zuen erakunde sekretu eta klandestinoa. Cork konderriko,
Dunmanway
herrikoa zen Sean Maguirek sartu zuen Collins 19 urtetako Collins gaztea Irlandar Errepublikar Anaitasunean.
1916ko
Pazkoko matxinada
ospetsuaren egunetan egin zen ospetsu Michael Collinsen izena. Buru argia eta antolatzaile maila handiko pertsona bezala azaldu zen, Irlandar Errepublikar Anaitasuneko erakundearen barnean, berarekiko itzal eta begirune handia lortu zituen, eta oraindik onespen gehiago irabazi zuen Plunkett kondearen finantza ahokulari gisara. Azken hau, Joseph Mary Plunkett, Pazkoko matxinadako antolatzaileetako bat izango zenaren aita zen.
1916ko Pazko Astelehenean matxinada izan zenean, Dublingo Postetxe Nagusian,
Patrick Pearse
eta beste irlandar abertzaleen batzuen aldean borrokatu zen Michael Collins britainiar gudarosteen aurka. Matxinada sekulako galera edo porrot militar itzela bilakatu zen (askok itxaroten zuten modura) irlandar abertzaleentzat. Nahiz eta askok Pazkoko matxinada egitea soilarekin erabat pozik egon (Patrick Pearseen "odol sakrifizioaren teorian" sinistuz), Collins bezalakoek erdi-ipurdiko amateurismoa, babes eza eta antolamendu eza besterik ez zuten irlandar abertzaleen aldean. Bereziki ezaguna izan zen St. Stephen Green Parkeko irlandar abertzaleen kokagunearen kasua, ez baitzuten inongo ihesbiderik hasieratik bukaeraraino. (
Irlandako Independentzia Gerran
, Michael Collinsen obsesioetako bat kokaleku finkoak saihestea izan zen, "Talde Mugikor" ("Flying Columns") ezagunak sortuz. Talde Mugikor hauek "
gerrilla
" moduan jokatzen zuten: bat-batean eraso, eta ondoren ekintza lekutik azkar-azkar alde egiten zuten, galerak txikituz eta etekinak handituz. Irlanda osoko Talde Mugikor hauetako ospetsuena, Tom Barry-ren Cork Mendebaldeko Talde Mugikorra izan zen (West Cork Flying Column).
Michael Collins,
1916ko Pazkoko matxinadako
beste partaide batzuen antzera, atxilotua izan zen, eta britainiarrek fusilatzeko kinka larrian egon zen (britainiarrek Collins ez hiltzeko arrazoi nagusia bere izena Pazkoko matxinada antolatzaileen artean bilatu ez izana izan zen). Horrenbestez, Collins,
Galesko
iparraldean zegoen
Frongocheko barneratze zelaian
sartu zuten Pazkoko matxinadako beste partaide ugarirekin batera. Hemen izan zen, bere adiskide garaikideen esanetan, bere lidergo maila sendoa gauzatu zen garaia. Garai honetarako Collins jadanik Pazkoko matxinada-aurreko Sinn Fein alderdi nazionalista txikiaren buruetako bat zen.
Britaniar Gobernua eta Komunikabideen "ustetan"
Sinn Fein
zegoen 1916ko Pazkoko matxinadako gertakarien "atzean", nahiz eta hau egiazki ez izan horrela. 1916ko Pazkoko matxinadaren antolatzaile nagusiak hauek izan ziren:
Patrick Pearsen
Irlandar Errepublikar Anaitasuna (Irish Republican Brotherhood),
James Connollyren
Irlandar Hiritarren Gudarostea (Irish citizen Army) eta Emakumeen Batza (Cumann na mBann). Garai honetan, Pazkoko matxinadatik bizirik atera ziren partaideak Sinn Fein alderdian infiltratzen hasi ziren, honenbestez, alderdi txiki honek "garrantzia" hartzen joan zen irlandar errepulikar mugimenduaren barnean beste erakundeei gain hartuz, bai eta britainiarren erasoen helburu berri bilakatuz. 1917ko urrirako, bere trebetasun eta barne-mugimenduei esker, Micheal Collins, Sinn Fein alderdiko buruzagitzako kideetako bat bilakatua zen jadanik eta
Irlandar Boluntarioen
erakundeko zuzendaria;
Eamon de Valera
izango zen bi erakunde hauetako presidentea (De Valera izan zen Pazkoko matxinadako buruzagi edo antolatzaileetatik, britainiarrek bizirik utzi zuten bakarra).
1918an
Irlandako ordezkari hautatu zuten
Erresuma Batuko
Komunen Ganbararako, Sinn Fein alderdiaren izenean. 73 kidetik 27 zituen alderdi errepublikarrak, baina bai
Eamon de Valera
presidentea, baita
Arthur Griffith
presidenteordea ere atxilotu zeudenez Michael Collins izan zen taldeko buru. Sinn Feinek uko egin zion Londoneko parlamentuan esertzeari, eta, horren ordez,
Dublinen
Dail Eireann
izeneko parlamentu irlandarra osatu zuen. Honek Errepublika Irlandarra aldarrikatu zuen. Aldarrikapen horrek
Irlandako Independentzia Gerra
ekarri zuen,
Erresuma Batuaren
aurka.
Collinsek kargu ugari izan zituen garai hartan.
1919ko
udan IRBko buru hautatu zuten (horrek,
de jure
Errepublika Irlandarreko presidente bihurtu zuen). Irailean
IRAko
Inteligentzia arduradun izendatu zuten.
Independentzia Gerra
1921eko
uztailaren 11n
amaitu zen.
Ekainaren 24an
Erresuma Batuak
negoziatzeko aukera eskaini zien irlandar abertzaleei.
Arthur Griffith
eta Michael Collins izan ziren Londoneko gobernuarekin negoziatu behar izan zutenak.
1921eko
abenduaren 6an
irlandarren delegazioa gobernu britainiarrarekin akordio batera iritsi zen.
Itun anglo-irlandarrak
Estatu Irlandar Askea sortu zuen, baina ez Irlanda uharte osoan. Ipar-ekialdeko lurralde batzuk (
Ulster
eskualdearen zati bat) Britainia Handiaren menpe jarraitu behar zuten, bertako gehiengoa protestantea eta unionista baitzen. Hala ere, Collinsek aukera ikusten zuen pixkanaka lurralde horiek gainontzeko Irlandara gerturatzeko.
Estatu Irlandar Askea ez zen estatu guztiz subiranoa,
Erresuma Batuko
erregea baitzen subiranotasunaren iturburua. Baina praktikan Irlandako parlamentuak eta gobernuak era guztietako politika egiteko askatasuna zeukaten.
Itun honek Sinn Feinen zatiketa ekarri zuen. Michael Collinsek gidatutako taldeak ituna onartzearen alde egin zuen, irtenbide posible bakarra iruditzen zitzaielako. Eamon de Valeraren jarraitzaileek, aldiz, saldukeria zela uste zuten, Irlandako abertzaleentzat onartezina izango zen menpekotasun egoera zekarrelako. De Valerak presidente karguari uko egin zion, eta Michael Collinsek hartu zuen behin-behineko gobernuko buruzagitza.
Itunaren eta Estatu Askearen aldekoen eta aurkakoen arteko gerra
1922ko
apirilean hasi zen. Itunaren aurkakoek
Dublineko
gobernuaren egoitzak okupatu zituzten, baina Collinsek ez zien erasorik egin britainiarrek behartu zuten arte. Estatu Askearen aldekoek laster lortu zuten Dublin kontrolatzea, eta itunaren aurkakoak hegoaldeko probintzietan (
Munster
) kokatu behar izan ziren.
Collinsek gobernuko kargu guztiak utzi zituen Armadako buruzagitza hartzeko. Itunaren aurkakoek kontrolatutako lurraldera sartu zen 1922ko udan, lurralde horiek hartzeko asmoz. Bere jaioterrira (
Cork
)joan zen bere aholkulariei kasurik egin gabe.
1922ko
abuztuaren 22an
Beal na mBlath
herrixka iragaten zihoala tiroz hil zuten errepublikarrek (itunaren aurkakoek). 31 urte baino ez zituen hil zutenean. Bere hileta elizkizunak Dublinen egin ziren, Irlandako eta atzerriko ordezkaritza politiko zabalaren parte hartzearekin.
|
---|
Irlandako Errepublikaren Aldarrikapenaren
sinatzailea
(Matxinada ondoren exekutatuak)
| |
---|
Matxinadan izandako ardurarengatik ere exekutatuak
| |
---|
Beste irlandar nabarmenak
| |
---|
Britainiar nabarmenak
| |
---|
Leku nabarmenak
| |
---|
Taldeak
| |
---|