Haendel, Georg Friedrich
Alemaniar musikagilea, 1726an Britainia Handiko herritar bihurtua (Halle, 1685 - Londres, 1759). Silesian jatorria zuen eta 1609an Halle-n bizi izan zen familia batean sortu zen. Wilhem Zachow izan zuen lehen musika irakaslea eta harekin teklak jotzeko teknika eta polifoniaren idazkeraren ezagutza sakona lortu zituen. 1702an zuzenbide ikasketak hastearekin batera, Domkirche-ko organo-jotzaile izendatu zuten. Unibertsitatean Telemann ezagutu zuen eta bizitza osoan adiskide izan ziren. Zuzenbidea alde batera utzirik, Hanburgora joan zen, 1703an operako orkestran bigarren biolin izateko. Bertan estreinatu zituen lehen operak,
Almira
eta
Nero
(1705). Arrakastak Giovanni Gaston de M?dicis-en babesa ekarri zion eta Italiara abiatu zen; han Corelli eta Scarlatti aita-semeak ezagutu zituen (1706). Florentzian,
Rodrigo
estreinatu eta salmoak, kantatak eta beste musika lanak ondu zituen. Erabateko arrakasta, alabaina,
Agrippina
operaren bidez iritsi zuen (Venezia, 1709). Organo- eta klabezin-jotzaile bikaina zelako sonak eta bere obra berrien kalitateak (kantatak, oratorioak) ospea ekarri zioten. Hannover-eko gorteko koruaren zuzendari izendapena onartu zuen; denbora laburrez, hala ere, Britainia Handira nahi baitzuen joan. Hara iristean, Londresko gizon entzutetsuenek (Pope, Swift) oso harrera ona egin zioten.
Rinaldo
operarekin arrakasta handia bildu zuen (1711). Orobat, bi urte geroago, Utrechteko bakea ospatzeko
Te Deum
-a jo zuen. Harrezkero, gutxitan eta aldi laburrez irten zen Britainia Handitik. 1714an Hannover-eko Hauteslea Britainia Handiko errege izendatu zuten, Jorje I.a izenez. Artean harekiko harremanak oso onak ez baziren ere, hura erregetzara iritsiz gero, Haendelek jakin izan zuen haren faborea berriro bereganatzen, eta berari eskaini zion
Water Music
ospetsua (1716). Chamdos dukearen koru maisua izan zen 1718tik 1721era, eta obra anitz egin zuen aldi hartan:
Anthems Chamdos
izenez ezagun diren hamaika motete, hiru
Te Deum
,
Acis eta Galatea
pastorala,
Esther
oratorioa eta
Klabikordiorako zortzi Suiteak.
1719an,
Royal Academy of Music
delakoa sortu zen eta, haren zuzendari izendatu zutelarik, Haendelek italiar erako hamabost opera egin zituen; haien artean:
Floridante
(1721),
Ottone
(1723),
Julio Cesare
(1724),
Scipione
(1726),
Admeto
(1727),
Lotario
(1729),
Alessandro Nell?Indie
(1731),
Orlando
(1733). Britainiarrei Italiako gisako opera onartarazi asmo horretan gorabeherak izan zituen. Izan ere, Gay-k eta Pepusch-ek beren
Beggar?s opera
rekin lorturiko arrakastak
Academy of Music
delakoaren haserrea ekarri zuen (1728). Aldi hartan, halaber, bere musika instrumental gehiena sortu zuen: hamabi sonata biolin eta baxurako, hamahiru sonata bi biolin eta baxurako, sei
concerto grosso
eta hogei kontzertu organorako. Azken aldian, 1740tik aurrera, opera alde batera utzi eta ia soilik oratorioak egiteari lotu zitzaion:
Saul
(1739);
Mesias
(1742), Haendelen maisu-lana;
Sanson
(1742);
Juda Makabearra
(1746);
Josue
(1747);
Salomon
(1748). Azkeneko urteak ikusmena ahuldurik eta bakardadean, baina beti lanean iragan zituen. 1750ean Alemaniarako azken bidaia egin zuen. Ikusmena erabat galdurik hil zen eta Westminster-en ehortzi zuten.
v
Maisu saxoi zorrotzek eskolatua izan arren, herrialde guztietako musikagileez izan zuen interes handia Haendelek. Hala, italiarrek (Scarlatti, Corelli), frantsesek (Lully, Rameau, Lalande) eta alemaniarrek (Buxtehude) eragina izan zuten Haendelen musikan. Ildo horretatik, Britainia Handira iristean Henry Purcell-en garrantziaz ohartu zen, eta gidaritzat hartu zuen. Nolanahi ere, Italiako gisako musikak eragin sakona eta iraunkorra izan zuen Haendelengan, haren berrogei operetan ageri denez. Hogeita zortzi oratorioetan, operetan bezala, gai historikoen molde guztiz desberdinak erabili zituen: tragikoa, irrizkoa, mirarizkoa, heroikoa. Bestalde, hemezortzi
concerto grosso
direlakoak kontzertu barrokoen artean aberatsenetakoak dira. Bere mendeko eta iraganeko musika orori irekia, melodiarako dohain paregabearen jabe, kontrapuntuaren eta harmoniaren maisu, Haendelek artearen adierazmena areagotzen lagundu zuen eta baita Vienako klasikoen etorrera (Haydn, Mozart, Beethoven) prestatu ere.