한국   대만   중국   일본 
Etxerat-ek Bilbora joateko deia egin du, ≪ardura eta konpromisoagatik≫ | Berria.eus
The Wayback Machine - https://web.archive.org/web/20141217223111/http://www.berria.eus/paperekoa/2299/007/001/2014-12-17/etxerat_ek_bilbora_joateko_deia_egin_du_ardura_eta_konpromisoagatik.htm

Publizitatea

Politika

Etxerat-ek Bilbora joateko deia egin du, ≪ardura eta konpromisoagatik≫

Urtarrilaren 10eko asteburuan espetxeko bisitari uko egingo diote senideek, Bilbon egoteko
Urtarrilaren 10eko manifestaziora joateko deia egin zuten atzo Etxerat-eko kideek, Bilbon.
Urtarrilaren 10eko manifestaziora joateko deia egin zuten atzo Etxerat-eko kideek, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2014-12-17 / Erredakzioa

U rtarrilaren 10a ≪konponbidea aldarrikatzeko eguna≫ izango da, Etxerat elkartearen esanetan. Egun horretarako, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa antolatu du Sarek, eta hara joateko deia egin du euskal presoen senideen elkarteak: ≪Ardura, konpromisoa eta etorkizun hobe baterako zubia eraikitzean, Bilboko ekitaldiak garrantzi handia izango du≫. Sarek deitutako manifestazioa isila izango da, eta 17:30ean abiatuko da, Casillatik. Horrekin bat egiteko dei egin die Etxerat-ek ≪giza eskubideen urraketen aurka≫ dauden guztiei.

Elkarteak uste du sakabanaketa politika amaitzeko ≪beste argi bat≫ jarriko dela Bilboko kaleetan, eta, horregatik, senideek espetxeko bisitari uko egingo diote egun horretan. ≪Itxaropenaren eta konponbidearen izenean≫ egingo diote uko euren senide eta hurkoak ikusteari. ≪Berlingo Harresia bezalakoa den espetxe politika betirako amaitzeko≫ urrats gisa, ez dira espetxeetara joango asteburu horretan. ≪Gure oxigenoari uko egingo diogu asteburu batez, Bilbon guztion artean haize bolada berriak sortzeko≫. Kartzelara bidean egon beharrean Bilboko kaleak beteko dituztela azaldu dute: ≪Mendeku politikaren aurrean konponbidea aldarrikatzeko; zubiak eraikitzeko eta espetxe politika honi betirako agur esateko≫.

Hori lortu bitartean, baina, senideak berriro egongo dira errepideetan 2015ean, sakabanaketa politikaren ondorioak pairatzen. Gogoratu dutenez, euskal presoen urruntzeak hamar istripu eragin ditu amaitzear den urte honetan, eta uste dute ≪badela garaia≫ giza eskubideen urraketa horri amaiera emateko. Ardura ≪guztiona≫ dela azpimarratu du elkarteak, sakabanaketak preso daudenenen eta senideen eskubideak urratzen dituelako.

Etxerat-ek jakinarazi duenez, urtarrilaren 10ean Nafarroa, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriko senideak udaletxetik aterako dira zutabeetan, eta Casillan bilduko dira Araba eta Bizkaikoak.
 

Publizitatea