한국   대만   중국   일본 
Pio Baroja - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Pio Baroja

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Pio Barojari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus ≪ Baroja ≫.

Pio Baroja

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturak Pio Baroja
Jaiotza Donostia 1872ko abenduaren 28a
Herrialdea   Gipuzkoa , Euskal Herria
Bizilekua Madril
Heriotza Madril 1956ko urriaren 30a  (83 urte)
Hobiratze lekua Madrilgo hilerri zibila
Madrilgo hilerri zibila
Heriotza modua : gaixotasun kardiobaskularra
Familia
Aita Serafin Baroja
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Heziketa Unibertsitate Zentrala doktoretza : medikuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak idazlea , mediku idazlea , eleberrigilea , antzerkigilea , medikua , poeta eta okina
Kidetza Real Academia Espanola
Mugimendua 98ko Belaunaldia
Genero artistikoa eleberria

IMDB: nm0056179 Musicbrainz: e2e7d9a1-ad29-4477-a2d4-4b1e20fcd26b Discogs: 5015477 Find a Grave: 7536711 Edit the value on Wikidata

Pio Ynocencio Baroja Nessi [1] ( Donostia , Gipuzkoa , 1872ko abenduaren 28a - Madril , Espainia , 1956ko urriaren 30a ) gaztelaniaz idatzi zuen eleberrigile euskalduna izan zen. Aro Garaikidean, euskal herritar idazle ezagunenetarikoa da Euskal Herrian nahiz munduan. 98ko belaunaldiko kidea izan zen eta oso idazle emankorra, ehun liburu baino gehiago argitaratu zituen.

Bizitza [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Barojatarren jatorrizko familiak, Arabako Baroja ko herrikoa, "Martinez de Baroja" abizen konposatua eduki zuen 400 urtetan. [2]

Itzea , Barojatarren etxea ( Bera , Nafarroa).

Serafin Baroja Zornoza eta Carmen Nessi Goni izan zituen gurasoak. Hiru anaia-arreba izan zituen: Dario, 1894an hila; Ricardo , margolaria eta idazlea; eta Carmen , Rafael Caro Raggiorekin ezkondua. 1879an familia Madrilera joan zen bizitzera, eta 1881ean, Irunera. Piok medikuntza ikasi zuen Madrilen eta Valentzian . Zestoan jardun zuen mediku urtebete inguru, baina gero Madrilera joan zen, okindegi baten ardura hartzera. Beran (Nafarroa) bizi izan zen hainbat urtez; hango Altzate auzoan dago Itzea , Barojatarren etxea. [3]

Mediku, anarkista? [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Barojak, aitaren lana eta bere ikasketak zirela eta, gazterik utzi zuen sorterria ? Zestoan mediku egindako hamahiru hilabeteetan izan ezik?; familiatik, berriz, inoiz ez zen aldendu, eta hura izan zuen beti helduleku sozial eta pertsonal funtsezkoena. Barojatarrak oso arte eta literatura zaleak ziren: Pioren anaia Ricardo margolaria izan zen eta koinatu Rafael Caro adiskide mina eta argitaratzailea izan zuen. Ikasitako ogibidea ?medikuntza? baztertuta, familiaren okindegiaren buru jardun zuen Madrilen. Han hasi zen idazten, ipuinak eta artikuluak, Madrilgo eta Donostiako ezkerreko aldizkarietan. Aldi berean, Madrilgo bohemia literarioan sartu zen, eta orduan egin zituen Azorin , Maeztu eta Valle Inclan adiskide.

Paristik etorrita, 1899an, ipuin bilduma bat argitaratu zuen, Lur ilunak eta La casa de Aitzgorri eleberria, zibilizazioaren eta aurrerabidearen arteko gatazkari buruzkoa. Ondoren kaleratu zituen Aventuras de Silvestre Paradox (1901), Camino de perfeccion (1902). Barojaren obra bere historia pertsonalaz dago hornitua.

Iberiar penintsula osorik ibili zuen, eta aski ongi ezagutzen zuen Europa . Bidaia horietatik atera zituen gertalekuak, apaingarriak, gaiak. Baina Nafarroako Beran etxe bat erosi, eta lanaren erritmoa aldatu zuen: ordutik aurrera, negua Madrilen eta uda Beran ematen zuen. Espainiako gerra zibilak Berako etxean harrapatu zuen; 1936ko uztailaren 22an Almandozera zihoalarik, Donezteben karlistek atxilotu zuten eta justu-justu libratu zen karlisten eskuetan hiltzetik. [4] 1940an Madrilen hartu egoitza, eta hil zen arte idazten segitu zuen. Gerrakoak ikusita, bi alderdietako basakeriak gogoan, etsipenak hartu zuen gaztetan anarkista zalea izan omen zena (bera ez zen horrela definitu), eta gizonarenganako itxaropen oro galdurik hil zen.

Barojaren eleberrigintza: euskal gaiak, Madrilgo bizimodua [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Pio Barojaren argazkia Mundo Grafico aldizkarian (1912).
Sorollak Pio Barojari egindako erretratua (1914).
Ainara Azpiazu "Axpik" egindako erretratua

Barojaren lehen liburuetan bere mundua ageri da: eleberrietako gaiak errealitatetik oso hurbilekoak dira. Zalakain abenturazalea (1909) da ezagunenetariko bat, Euskal Herriko giroa leialtasun handiz agertzen duena. [5]

Orobat ageri da euskal mundua, itsasokoa, marinelena, Xanti Andiaren kezkak (1911), El laberinto de las sirenas (1923), Los pilotos de altura (1929), eta La estrella del capitan Chimista (1930) liburuetan: lehenaren protagonista Barojaren pertsonaia handienetako bat da.

La lucha por la vida trilogian, zuzen eta gogor agertu zuen Madrilgo auzo pobreetako langile xeheen bizimodua.

Azpimarratzekoa da Aviraneta pertsonaiari buruzko sail luzea, Memorias de un hombre de accion , 22 liburu (1913-1935).

Egilea eta bere garaia ezagutzeko guztiz interesgarriak dira Barojaren oroitzapen liburuak: Juventud, egolatria (1917), eta bere oroitzapenez osatutako zortzi liburukiak, Memorias (Desde la ultima vuelta del camino) 1941 eta 1948 artean idatziak, Barojaren lana sortu zen giroa bizi-bizirik adierazten dutenak. Barojaren lan mardula, hainbat artikulu, biografia, bidaia liburu, saiakera, antzerki eta poesiak osatzen dute.

Baroja XIX. mendeko eleberrigile europar handien irakurlea izan zen; haiengan oinarrituta sortu zuen bere estilo guztiz berezia, arina eta zorrotza, latza eta fina.

Estilo biluzi hori, kontaketarako zuen dohain handia eta sormena, oso erakargarria gertatu zitzaien hurrengo idazle belaunaldiei. XX. mendeko eleberrigile espainiar askok aitortu dute Barojaren eragina.

Estiloa [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Idazle emankorra izan zen eta orobat, sailkatzen zaila: Barojaren erregistroa errealista da, baina baita erromantikoa ere, historikoa, eta psikologikoa. Estiloa, betiere, bakuna da: Barojak ez zion aparteko garrantzirik ematen. Estilo ironiko eta sarkastikoaz, Barojak arretaz aztertu zuen bere inguruko gizartea ?gogor gaitzesten zuena?, haren miseriaren eta handitasunen berri emateko.

Lan nagusiak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Sakontzeko, irakurri: ≪ ZerrendaːPio Barojaren lanak

Euskaratuak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Pio Barojak bere lan guztiak gaztelaniaz idatzi zituen arren, hainbat liburutan islatzen du euskararen presentzia, elkarrizketetan, esamoldeetan edo zeharkako aipamenetan. Eleberriez gain, hainbat ipuin ere itzuli dira euskarara. [6]

Zinema egokitzapenak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Pio Barojaren hainbat eleberri zinemara eramanak izan dira. [7] [8]

  • Inquietudes de Santi-Andia (1946, Arturo Ruiz Castillo)
  • Zalacain el aventurero (1955, Juan de Orduna )
  • La busca (1966, Angelino Fons)

Bestelakoak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Kaleak eta plazak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Errekonozimenduak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Donostia - Erregina Erregeordearen lorategia, Pio Barojaren eskultura.
Donostia - Nestor Basterretxea eskultoreak Pio Barojari eskainitako monumentua

Donostiako kaleetan badira Pio Barojari egindako hainbat errekonozimendu, Okendo kalearen hasieran Erregina Erregentearen kaleko kantoian Baroja jaio zen etxearen parean, [9] Victorio Macho eskultoreak egin zuen brontzezko bustoaren [10] kopia bat dago. 1972an jarri zen, Barojaren jaiotzaren mendeurrenean. Inskripzio bat dauka: Guipuzcoa a Pio Baroja 1872-1972. Gipuzkoak Pio Barojari 1872-1972 . Eskultura horren orijinala harrizkoa da eta San Telmo Museoan gordeta dago.

Donostiako Pio Baroja pasealekuan Nestor Basterretxeak Barojari eskainitako burdinezko monumentua [11] dago. Donostiako Nazioarteko II. Eskultura Bienala (1971) irabazi zuen, idazlearen jaiotzaren lehenengo mendeurrenean. [12]

Erreferentziak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

  1. Pio Barojaren bataio agiria , Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoaren webgunean.
  2. Baroja, P. (1953): El Pais Vasco , Destino, Bartzelona.
  3. ≪Pio Barojaren biografia≫ piobaroja.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-29) .
  4. (Gaztelaniaz) ≪Los liberadores inmediatos de Baroja el 22 de julio de 1936. Noticias de Navarra≫ Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2018-07-31) .
  5. (Gaztelaniaz) ≪Pio Baroja - La novela de Pio Baroja≫ piobaroja.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-29) .
  6. ≪euskarari ekarriak≫ ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-29) .
  7. (PDF) Pio Baroja: pasion por el cine. (Noiz kontsultatua: 2018-11-09) .
  8. (Gaztelaniaz) [ http://www.cervantesvirtual.com/portal/alece/pcuartonivel.jsp?conten=ficha&ficha=autor&nomportal=alece&id=595 ≪Adaptaciones de la literatura espanola en el cine espanol. Referencias y bibliografia. - Catalogo - Ficha del autor literario≫] www.cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-09) .
  9. Sada, Javier Mª; Sada, Asier: San Sebastian. Historia de la ciudad a traves de sus calles, plazas, barrios, montes y caminos. Txertoa, 2007, 228.orld.
  10. Donostiako eskulturen atlasa. (Noiz kontsultatua: 2018--11-21) .
  11. [ https://www.santelmomuseoa.eus/atlas/detalle.php?ni=EP-0019& q=Pio+Barojari+eskainitako+monumentua&lang=eu Donostiako eskulturen atlasa. ] (Noiz kontsultatua: 2018-11-21) .
  12. Sada, Javier Mª; Sada, Asier: San Sebastian. Historia de la ciudad a traves de sus calles, plazas, barrios, montes y caminos. Txertoa, 2007, 67.orld.

Bibliografia [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Ikus, gainera [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Kanpo estekak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]