한국   대만   중국   일본 
Matthew Fitt - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Matthew Fitt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Matthew Fitt
Bizitza
Jaiotza Dundee , 1968 (55/56 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea , haur literatura idazlea , poeta , editorea eta itzultzailea
mfitt.co.uk

Matthew Fitt ( Dundee , Eskozia , 1968 ) eskozieraz idazten duen eskoziar poeta eta nobelagilea da. Besteak beste, ziberpunk azpigeneroko But'n'Ben A-Go-Go nobelaren egilea da. Eskoziako eskola-umeen artean eskozieraren erabilera sustatzeko hezkuntza-programaren sortzaileetako bat da, eta Eskoziako Gobernuaren eta tokiko hainbat erakunderen hizkuntza-aholkularia izana da. Gaur egun, itzultzailea da Eskoziako Parlamentuan . Asterix bildumaren itzultzaile ofiziala da.

Literatura [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Matthew Fittek hainbat lan argitaratu ditu eskozieraz. 2000an argitaratutako But'n'Ben A-Go-Go nobela bide-urratzailea izan zen eskozieraz idatzitako literaturan; izan ere, 2090ean kokatutako eleberri horren bidez eskoziera garaian garaiko beharretara egokitzeko arazorik ez duen hizkuntza bat dela erakutsi nahi izan zuen, eta, horretarako, ahal beste hizkuntza-aldaera erabili zituen eta neologismo ugari sortu zituen. 2003an, berriz, arrakasta handia izan duen Kate o Shanter’s Tale poema-liburua argitaratu zuen. Horiez gain, beste lan batzuk ere baditu argitaratuak, adibidez: Hoose O Haivers , Ovidioren Metamorfosia poema epikoaren berridazketa askea eskozieraz; eta The Smoky Smirr O Rain , eskozieraz idatzitako literaturaren antologia, James Robertson-ekin batera apailatua. Era berean, Roald Dahl idazle galesterrararen hainbat eleberri itzuli ditu eskozierara [1] , eta Asterix bildumaren itzultzaile ofiziala da. [2]

Matthew Fitt Idazle egoiliarra izana da Brounsbank baserrian, Eskoziako Biggar herriaren iparraldean, Hugh MacDiarmid eskoziar poeta ezagunaren azken bizitokia izandakoan. [3]

Hezkuntza-proiektua [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

James Robertson eta Susan Rennie-rekin batera, Eskoziako eskola-umeen artean eskozieraren erabilera zabaltzea helburu duen Itchy Coo argitaletxea sortu zuen 2002an. Haur eta gazteentzako liburuak argitaratzeaz gain, hezkuntza-programa bat abiatu zuten, zeinaren bidez eskozierarekiko jarrera erabat aldatu baitzen Eskoziako ikastetxeetan [3] . Besteak beste, trebakuntza-saioak eman dituzte Eskoziako ia eskualde guztietan, bai irakasleei bai irakasleen formakuntzaz arduratzen diren erakundeei zuzenduak. [4]

Hizkuntza-aholkularia [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Matthew Fitt Eskoziako Gobernuko lan-taldearen aholkularia izan da hizkuntza-kontuetan, eta hizkuntza-politikaz arduratzen diren hainbat erakunde nazionalekin lan egin izan du. [2] [3] Gainera, Eskoziako tokiko erakundeen eta komunikabideen ohiko aholku-emailea da. [3] Duela urte batzuk eskozieraren alde hitz egin zuen Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusian, New Yorken. [2]

Gaur egun, itzultzailea da Eskoziako Parlamentuan. [2] [3]

Lan hautatuak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

  • Pure Radge (1996)
  • Sairheid City (1999)
  • But'n'Ben A-Go-Go (2000)
  • Gaberlunzie Joe (Itchy Coo Series) (2002)
  • The Hoose O Haivers (Itchy Coo Series) , Susan Rennie eta James Robertsekin batera (2002)
  • The Smoky Smirr O Rain: A Scots Anthology (Itchy Coo Series) , James Robertson-ekin batera (2003)
  • King O the Midden: Manky Mingin Rhymes in Scots (Itchy Coo Series) , James Robertson eta Bob Dewar-ekin batera (2003)

Erreferentziak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

  1. .
  2. a b c d Matthew Fitt: webgune ofiziala. (Noiz kontsultatua: 2017-08-24) .
  3. a b c d e Wigtown Book Festival: epaimahaia. (Noiz kontsultatua: 2017-08-24) . [ Betiko hautsitako esteka ]
  4. Itchy Coo. (Noiz kontsultatua: 2017-08-24) .

Kanpo loturak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]