Malintxe
,
Malintzin
edota
Dona Marina
(
gaztelaniaz
:
La Malinche
;
c.
1502
-
c.
1529
), emakume amerindiarra izan zen,
Mexikoko golkoko
nahua
ziur asko,
Mexikoko
konkistan garrantzi handia izan zuena,
Hernan Cortesen
itzultzaile, aholkulari eta bitartekari izan baitzen.
1502
aldean, noble familia batean, jaio zen Malinalli Tenepatlm, gerora Malintxe, Malintzin edo Dona Marina izenez ezagun egin zen emakumea. Aita hiltzean, ama berriro ezkondu zen eta seme bat izan zuen senar berriarekin. Malinalli lehensortua eta bidezko oinordekoa izan arren, gurasoek semearen alde egin omen zuten, zenbait iturriren arabera, eta neskatoa esklabo bezala saldu, neba txikiari bidea lautzeko. Beste bertsio batek dio
maien
eta
mexiken
arteko gatazka baten amaieran garaileari, hau da Tabscoobeko
kazikeari
, eman ziotela opari. Kontua da haurra besterik ez zela nobleziako kide izandako neskatoa esklabo bihurtu zela. Berehala, sorterriko
nahuatl
hizkuntzaz gain, maien hizkuntza ere menperatu zuen Malintxek
[1]
.
Espainiarrak
Yucatan
ingurura iritsi zirenean, bertako maiek konfrontazioa saihestea erabaki zuten, eta
1519an
Hernan Cortes
buru zuten konkistatzaileei jakiak, arropak, urrea eta esklaboak eman zizkieten borondate ona adierazteko; ongietorri opariaren parte izan zen urte hartan bertan bataiatutako Malintxe. Alonso Hernandez de Puertocarreroren zerbitzura egotea egokitu zitzaion hasieran. Baina Cortesek golkoko kostaldetik mendebalderantz egin zuen aurrera, eta nahuatl hizkuntzaren eremuetara iritsi zen. Jeronimo de Aguilar itzultzaileak maien hizkuntza menperatzen zuen, baina hura ez zen nahikoa. Malintxe Cortesen albora eraman zuten, konkistatutako lurralde berrietan interprete lanetan jardun zezan
[1]
.
Gaztelania bizkor ikasi zuen, Cortesen konfiantza eskuratu zuen eta, itzultzaile izateaz gain, bertakoen ohitura sozial eta militarrak azalduz lagundu zien, eta baita tarteka diplomaziaz arduratu ere. Cortesen maitalea ere izan zen baina, harreman horretatik seme bat jaio arren, konkista amaitzean Hernan Cortes Juana de Zunigarengana, Espainian utzitako emaztearen albora, itzuli zen. Juan Jaramillo gaztelar kaparearekin ezkondu zen orduan Malintxe.
1529ko
dokumentu batek dio Jaramillok, alargundu ondoren, berriro ezkontzeko baimena eskatu zuela. Horregatik dakigu ordurako Malintxe hila zela,
baztangak
jota ziurrenik
[1]
.
≪Espainia Berriaren konkista Jainkoari zor diogu lehenik, eta Dona Marinari bigarrenik≫
, idatzi zuen Hernan Cortesek gutun batean. Luzaroan Malintxe espainiarren konkista erraztu zuen traidoretzat jo izan da, baina azkenaldian historialariak beste ikusmolde batzuk kontuan hartuta aztertzen ari dira pertsonaia. Herrikideek arbuiatu eta esklabotzara eraman zuten; aldiz, konkistatzaileekiko leialtasunak askatasuna eta maila soziala berreskuratzeko aukera eman zion. Gainera, konkistaren arrakastaren erantzukizuna ezin zaio hari egotzi; espainiarren
urre
gosea, nagusitasun militarra eta
izurriak
askoz erabakigarriagoak izan ziren Malintxeren itzulpenak baino. Akaso konkistaren kalteak arintzen saiatzea egotzi dakioke, iturri garaikideen arabera, konkistatzaileen eta konkistatuen arteko negoziaketetan parte hartzen zuenean, alferrikako odol isuriak saihesten ahalegindu baitzen
[1]
.
- ↑
a
b
c
d
Irazustabarrena, Nagore.
Malinche, zauri ala aringarri?.
argia.eus, 2013-06-16, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia
(Noiz kontsultatua: 2017-2-4)
.