Friedrich Anton Christian Lang
(
Viena
,
1890eko
abenduaren 5a
-
1976ko
abuztuaren 2a
)
Austriako
zinema zuzendaria, gidoigilea eta noizbehinkako ekoizlea izan zen.
Alemaniako
zinema-eskola espresionistan parte hartuta (
Metropolis
,
Das Testament des Dr. Mabuse
eta
M
film ezagunak sortu zituen),
Hollywoodera
joan zen XX. mendeko 30eko hamarkadan (
1935ean
amerikar naziotasuna eskuratu zuen).
Friedrich Lang
Vienan
jaio zen 1890ean. Familiak ez zuen diru arazorik izan: aita, Anton Lang, arkitektoa izan zen, eta eraikuntza alorreko enpresa baten jabe. Katolikoak ziren etxean, nahiz eta ama, Paula Schlesinger, helduaroan kristautako
judua
izan. Oinarrizko ikasketak egindakoan,
1905ean
aitak behartuta Fritzek Vienako 'Technische Hochschule'n (Goimailako Eskola Teknikoan) izena eman zuen arkitektura ikasteko asmoz; arteak, hala ere, sasoi horretan ere erakarri zuen. Hiru urte eman zituen ikastegian, gogoz kontra izan arren. Dena den, gerora, ikasitakoek eragina izango dute zinema zuzendariaren estiloan. Sasoi honetan irakurri zuenak garrantzi handia izan zuen haren formazioan: filosofia (
Schopenhauer
,
Nietzsche
,
Kierkegaard
), abenturazko literatura (
Jules Verne
eta
Karl May
), magia, okultismoa... Pintura oso gustuko zuen, eta
Egon Schiele
eta
Gustav Klimt
margolarien jarraitzailea izan zen.
Vienako
gaueko giroa, kafetegiak eta
kabaretak
ondo asko ezagutu zituen; izan ere, halako bitan,
Femine
eta
Holle
izenekoetan, egin zuen lan. Gurasoen iritziaren kontra arkitektura ikasteari laga zion eta Vienako Arte Grafikoen Akademian hasi zen ikasten, handik gutxira
Nurembergera
joateko eta, azkenean,
Municheko
Arte Ederretako Eskolara.
1910ean
mundu zabalean bidaiatzeari ekin zion (Alemania, Beljika, Herbehereak, Asia, Errusia, Ipar Afrika, Txina, Japonia).
1913an
Parisen
da, berriro ere,
Montmartre
auzoan hartu du bizileku eta edozelako lanak eginez hainbestean konponduko da: marrazkigile, diseinugile, akuarela-egile... Zinemarekin aurreneko hartu-emana izango du. Ezagunak zituen
western
zahar eta mutuak, Vienan ikusitakoak, baina Parisen ikusitako filmek zer pentsatua emango diote eta arte berriak zelako baliabideak eskaintzen dituen konturatuko da.
Lehen Mundu Gerra
hastear dela, Vienan da ostera eta handik gutxira soldadu ibiliko da
Errusian
eta
Errumanian
.
[1]
Gerra amaitu barik, 1916an, zaurituta itzuli zen etxera. Gaixoaldiak iraun zuen bitartean idazteari eta hainbat filmetarako izan zitezkeen planteamenduak jorratzeari ekin zion. Behin sendatuta, marrazkiak egiten eta aktore lan txikiak osatzen ibili zen aldi baterako.
UFA
konpainiako
Joe May
zuzendari eta ekoizlea ezagutu zuen, eta Langek zuzentzen hasteko aukera ikusi bazuen ere, ez zen halakorik gertatu: hiru gidoi bederen saldu zizkion ekoizpen etxe horri, baina Mayk berak egokitu zituen pantailarako (
Die Hochzeit im Ekzentrik Klub
,
Joe Debbs
eta
Hilde Warren und der Tod
ziren lanen izenburuak). 1918an, eta ordurako teniente izendatu bazuten ere, ez zioten aukerarik eman armadan jarraitzeko eta
Berlinera
abiatu zen;
Erich Pommer
ekoizlearen antzerki enpresan hasi zen lanean. Laburra izan zen antzerkiak moldatzen eman zuen sasoi hura,
UFA
estudioetan filmak zuzentzen hasi baitzen. Abangoardiakotzat jo zitezkeen lanak eta jende xeheari zuzendutako ekoizpenak tartekatu zituen hasiera hartan:
Der Mude Tod
(
Herio Nekatua
) eta
Die Spinnen
(
Armiarmak
) dira batzuen eta besteen adibide, hurrenez hurren. Mota batekoetan zein besteetan, espresionismoak eskura jarritako baliabide teknikoak erabili zituen.
1920an
Thea von Harbou
ezagutu zuen, handik gutxira emazte izango zena eta Alemanian sortu zituen filmen gidoietarako lankide. Elkarlan horrek halako uzta eskaini zuen:
Dr. Mabuse Der Spieler
(1922),
Die Nibelungen
(1924),
Metropolis
(1926), eta
M
(1931). 1924an Lang Ameriketako Estatu Batuetara abiatu zen, Alemaniako kultur ordezkaritza bateko partaide. Bidaiaren helburua hango zinemagintzarako bideak gertutik ikustea eta ikastea zen, eta Erich Pommer ekoizlearekin batera joan zen. Antza,
New Yorkera
hurbiltzen ari zirenean, itsasontzitik bertatik jasotako ikuspegiak eragina izango zuen handik gutxira zuzendu zuen
Metropolis
filmaren arkitekturan.
Das Testament des Dr. Mabuse
(1933) filma bukatu orduko Langek
Joseph Goebbels
zain zeukan, berebiziko garrantzia zuen bilera batera deitu baitzuen.
Naziak
kezkatuta ei zeuden, filmak ikusleen artean eragin zezakeen iraultzarako gogoa zela eta. Goebbelsek, ordea, proposamena egin zion:
UFA
estudioetako buru egin nahi zuen eta nazien aldera erakarri. Bilerak luze jo zuen antza, eta handik irten zuenerako bankuak itxita zeuden. Langek ez ei zuen zalantza izpirik: atzerrirako bidea poltsikoak hutsik egingo zuen.
Parisa
heldu eta 1934an
Charles Boyer
aktoreak antzeztutako
Liliom
filma egin zuen. Ez ziren gutxi Alemaniatik ihes egindako sortzaileak: han ziren, besteak beste,
Erich Pommer
,
Peter Lorre
,
G.W. Pabst
,
Seymour Nebenzal
,
Billy Wilder
,
Frank Wexman
,
Friedrich Hollander
eta
Robert
eta
Curt Siodmak
. Handik gutxira, horietako askok
Ameriketako Estatu Batuetara
alde egin behar izan zuten, tartean Fritz berak
[2]
.
Langen andreak
, ordea,
1932an
Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistan
izena emana zuen eta Alemanian geratzea argi zeukan;
1933an
banandu ziren.
1934ko ekainaren 1ean Langek kontratua sinatu zuen
Metro-Goldwyn-Mayer
estudioekin. Zer zuzendu erabaki ez, eta denboratxoa eman zuen Ameriketako Estatu Batuak eta beronen jendea eta ohiturak ezagutzen: autoa hartu eta herrialdean zehar han-hemen ibili zen, eta hizkuntza ahal bezain ondo ikasten. Lehen lana
Fury
(1936) izan zen. Hogei urtean hogeita lau film zuzendu zituen, konpainia handien babesean zein berak ekoiztuta: Metro -bi film-, Paramount -bi-, Fox -lau-, United Artist -bat-, RKO -bat, Columbia -bi-; ekoiztetxe txikien kasuan banaketa hau da: Diana Productions -bi-, Fidelity Pictures -bi-, Arnold Productions -bat-, International Pictures -bat-, United States -bat- eta Blue Gardenia Productions -bat-.
XX. mendeko 40ko urteen amaieran
komunismoaren usaina
izan zezakeen edozeren aurkako jazarpena hasia zen, eta horrek eragin handia izan zuen Langen lanean. Hona Langen beraren berbak:
≪
|
Sorginen ehiza
deitu zuten hura ezagutu genuen, bai ondo ere;
House by the River
(1950) filma sortzen ari ginen. Ez naiz inoiz Alderdi Komunistako kide izan, baina, bai, ezkerra nuen gogoko. Komunista deitu zidaten dena den, eta ordutik aurrera lan barik geratu nintzen. Ez zidaten inongo kargurik leporatzen, ez zuten zuzen esaten komunista nintzela, izan nintekeela baizik. Eta nahikoa zen antza.
|
≫
|
Positif
aldizkaria, 94. zenbakia, 1968ko apirila.
While the City Sleeps
(1956) eta
Beyond a Reasonable Doubt
(1957) Ameriketan sinatutako azken lanak izan ziren. Gogaituta zebilen erabat Hollywooden lan egiteko moduaz eta egileari ezartzen zitzaizkion muga eta baldintzez. Londresen izan zen sasoi batean
Taj Mahal
izena izan behar zuen film bat bideratzeko,
Alexander Kordak
ekoiztua. Eszenak topatzeko
Indiara
beren beregi egindako bidaiatik itzuleran lanak bertan behera geratu behar zutela esan zioten. Asmoa ezerezean geratu zen. Orduan Alemaniarako bidea egin zuen. Egokitzapena ez zen samurra izan, eta hainbat saio egin zuen filmatzen jarraitzeko. Arthur Brauner ekoizleak, aldez aurretik ere saiatu zena Lang erakartzen, 1921eko film baten bertsioa berriro egiteko konbentzitu zuen, eta bi partetan aurkeztu zuen:
Der Tiger Von Eschnapur
(
Eschnapurreko Tigrea
) eta
Das Indische Grabmal
(
Indiako hilobia
) (1959). Arrakasta handiko lana izan zen, eta horrek kemena eman zion Langi lanean jarraitzeko. Ostera ere aspaldiko gaia eta pertsonaia berreskuratuko ditu:
Die Tausend Augen Des Dr. Mabuse
(1960). Frintz Langen azken lana izan zen.
Azken urteetan Langi nekeza egin zitzaion lanik atontzea; ekoizteko trabak besterik ez zuen ikusten. Gidoiak eta egitasmoen zirriborroak landu zituen, inora ailegatu ez baziren ere. Omenaldiak jasotzeko sasoia izan zen, film jaialdietan aditu eta gonbidatu aritzekoa (
Cannes
, 1964;
Venezia
, 1967;
Donostia
, 1970)... Erretiroa hartzeko Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, eta
Beverly Hillseko
bere etxean eman zituen azken urteak.
1976ko
abuztuaren 2an
zendu zen.
- ↑
Casas
, Quim.
Fritz Lang
. Ediciones Catedra, 1998. Bigarren argitaraldia. 18-22. orr.
- ↑
Casas
, Quim.
Fritz Lang
. Ediciones Catedra, 1998. Bigarren argitaraldia. 32. orr.