Euken Ostolaza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euken Ostolaza
Bizitza
Jaiotza Igeldo 1961eko apirilaren 27a
Herrialdea   Gipuzkoa , Euskal Herria
Heriotza Paris 2023ko urtarrilaren 27a  (61 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerak opera abeslaria
Ahots mota tenor (en) Itzuli
kontratenorra
Musika instrumentua ahotsa
harpa
txistua
IMDB: nm5915680 Edit the value on Wikidata

Euken Mirena Ostolaza Zamora ( Igeldo , Donostia , 1961eko apirilaren 27a Paris , 2023ko urtarrilaren 27a ) [1] abeslari tenor bat izan zen, ibilaldi profesionala ia osorik Frantzian egindakoa.

Jatorria eta ikasketak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Igeldoko Leku Eder etxean [2] jaio zen Ostolaza, 1961eko apirilaren 27an . Haurtzaroa Igeldon eta Donostiako Antigua auzoan eman zuen, lehen ikasketak bi auzo eskoletan eginda. [3]

Musika modu profesionalean lantzen hasi aurretik, bulegoko mandatari zereginetan lan egin zuen, 1981etik 1988ra bitarte, Gipuzkoako Foru Aldundian . [3]

Solfeoa eta lehen musika ikasketak Igeldon egin zituen, haurretan, Martzelino Arrazola eta Paben Loidi apaizekin. [4] Kresala dantza taldean txistulari hasi zen 1979an, Jose Ignazio Ansorenarekin tresna jotzen ikasita; taldean egon zen 1987ra bitarte. [5] Txistulari gisa aritu zen Igeldon, Izpi Berri dantza taldean, Frantziara joan zen arte. [4]

Ikasketa musikalak Donostiako Orfeoiaren eskolan egin zituen, Donostian, 1982tik aurrera, nahiz lehenagotik Artzain Onaren katedraleko abesbatzan kantatzen hasia zen. [5]

Gipuzkoako Foru Aldundian zeukan lanbidea utzita 1988an, Frantziara jo zuen musika ikasketak sakontzera, lehenik Lyongo Musika Kontserbatorioan (1988-1991) eta, geroago, Versailleseko Centre de Musique Baroque ikastetxean (1991-1995), kontratenor gisa. [6] Azken horretan ohorezko saria bereganatu zuen ikasketen amaieran. [7] Handik aitzina, tenor erregistroan egin zuen bere ibilbide musikal osoa.

Musika ibilbidea [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Estrasburgon , Opera national du Rhin [8] operaren abesbatzako kide izan zen bi urtez, 1997ra bitarte. [4] Gero, Parisko Operaren abesbatzan ( Choeur de l'Opera de Paris) onartu zuten, aho batez; [5] bertan ia hiru urte egin zituen, baina uztea erabaki zuen, 2000. urtean, lanerako ≪askatasun faltagatik≫. [5] [3] Parisen bizi izan zen denboran, Euskal Etxearen laguntzaile izan zen. [9]

Era berean Donostiako Musika Hamabostaldian eta Bastillako Antzokian ere parte hartu izan zuen. 2000. urtetik aurrera Le Choeur de Radio France n kantatu zuen. [4]

Ostolazak tenor ahotsa zeukan eta era horretan garatu zuen bere kantu ibilbide profesionala, nahiz zenbait urtez kontratenor gisa kantatu zuen, Estrasburgora joan arte, hain zuzen. [3] Ahotsarekin musika egiteaz gain, harpa jotzen zuen. [10]

Antzerkian eta telebistan [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

1989an, Tanttaka Teatroa antzerki konpainiarekin Flaminio opera bufoan parte hartu zuen, tenor gisa. [11] Taldearekin zenbait emanaldi eskaini zituen, Euskal Herrian baita beste herrialdeetan ere,1991ra bitarte. [12]

2005ean, Mi querido Klikowsky telesaileko atal batean parte hartu zuen. [13]

Hedabideetan [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioaren kolaboratzaile izan zen 2015az geroztik, udako saioetan. Abesti bat hautatuta, azterketa poetiko-musikal bat eskaintzen zuen, 20 minutuko saiotan. Alabaina, irratiko kolaboratzaile izan arren, maiz adierazi zuen jendaurrean bere ezinegona, ETB1en ≪euskararen kalitate kaxkarragatik≫. [4]

Ikusmolde sozial eta politikoa [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Ostolaza euskal izatasunaren eta kulturaren alde agertu zen sarritan, hedabideetan iritzia eskatu izan zioten guztietan. Besteak beste, Euskal Herria ≪ultra-kolonizatuta≫ zegoela uste zuen, eta ≪gure kulturarekiko zabartasuna≫ salatzen zuen, dei eginda ≪jatorkeria (euskaraz dena balekoa da!)≫ eta ≪konformismoa edo duintasunik eza≫ alde batera uztera. [4] Euskalduntasuna aldarrikatzen zuen: ≪Ez naiz harrokeriaz ari, harrotasunaz baizik. Zentsurarik txarrena autozentsura da, zentsurarik bortitzena, perbertsoena, pentsamendu kritikoa ere galarazten diguna. Euskal Herria maite dudala ere ezin esan!≫. [3]

Oro har, ikusmolde abertzalea agertzen bazuen ere, Ostolaza ez zen inoiz nabarmendu iritzi politiko jakin baten alde; hil ostean, baina, EAJk ≪alderdikidetzat≫ hartu zuen, Donostiako egunkari batean argitaratutako hil mezu batean. [14]

Heriotza [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Gaixotasun larri batez [15] hil zen Parisen , 2023ko urtarrilaren 27an. [7] [16]

Erreferentziak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

  1. (Gaztelaniaz) ≪Euken Mirena Ostolaza Zamora≫ Noticias de Gipuzkoa 2023-01-28 (Noiz kontsultatua: 2023-01-29) .
  2. ≪Leku Eder hotela. Donostia≫ www.lekueder.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-30) .
  3. a b c d e Miel Anjel Elustondo. (2014-06-15). ≪Duela hogeita bost urte kontratenorrik ez zegoen hemen≫ Argia (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-01-28) .
  4. a b c d e f ≪Euken Ostolaza Zamora tenorea: Taula gainean rol bat antzezteak zoriona ematen dit≫ Irutxuloko Hitza .
  5. a b c d Euken Ostolaza: txikitatik, ahotsek eta musikak liluratu egiten naute. eitb.eus .
  6. (Frantsesez) ≪Formation - Maitrise≫ Centre de musique baroque de Versailles (Noiz kontsultatua: 2023-01-28) .
  7. a b Euken Ostolaza tenore donostiarra hil da. eitb.eus .
  8. (Frantsesez) ≪Accueil≫ Opera national du Rhin (Noiz kontsultatua: 2023-01-28) .
  9. (Frantsesez) Mariage Thes - Eusken Ostolaza-·Esec-Radio France. (Noiz kontsultatua: 2023-01-28) .
  10. Kantuz sortu naiz eta eskaini digute, zuzenean, Ana Elorzak eta Euken Ostolazak. EITB .
  11. (Gaztelaniaz) ≪Tanttaka Teatroa S.L - Flaminio | CDAEM, Teatro Espanol≫ www.teatro.es (Noiz kontsultatua: 2023-02-14) .
  12. (Katalanez) ≪Flaminio - Teatre Musical≫ web.archive.org 2023-02-14 (Noiz kontsultatua: 2023-02-14) .
  13. Mi querido Klikowsky. Euskal Irrati Telebista (EiTB), Globomedia, Tentazioa 2005-08-28 (Noiz kontsultatua: 2023-01-29) .
  14. ≪Euken Mirena Ostolaza Zamora≫ Noticias de Gipuzkoa .
  15. Berkmen, Y. M.; Lande, A.. (1975-12). ≪Chest roentgenography as a window to the diagnosis of Takayasu's arteritis≫ The American Journal of Roentgenology, Radium Therapy, and Nuclear Medicine 125 (4): 842?846.   doi : 10.2214/ajr.125.4.842 . ISSN 0002-9580 . PMID 2023 . (Noiz kontsultatua: 2023-01-28) .
  16. Berria. ≪Euken Ostolaza opera abeslaria hil da, gaixotasun baten ondorioz≫ Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-29) .

Ikus, gainera [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]

Kanpo estekak [ aldatu | aldatu iturburu kodea ]