Albisteak

BILBOKO UDALAK 600 PROPOSAMEN BAINO GEHIAGO JASO DITU KALEAK, BIDE PUBLIKOAK ETA PLAZAK IZENDATZEKO

Bilboko Udalak 638 proposamen jaso ditu hiriko kale, bide publiko eta plazak izendatzeko. Izen horiek, Herritarrentzako Arreta, Parte-hartze eta Barrutien Sailak Juan Mari Aburto Alkatearen aginduz abian jarritako parte-hartze prozesuaren emaitza dira. Horretan herritarrek eta talde politikoek parte hartu dute.

Bilbon, 2016ko otsailak 11

Ekimen hau, Gotzone Zaldunbide Zinegotziak aipatu duenez, “interes oso handikoa suertatu da, izan ere, bilbotarrek poz-pozik bereganatu dutela ikusi dugu; horietako askok proposamen eta motibazioez gain, esker oneko berbak luzatu dizkigute”.

Urtarrilaren 25etik otsailaren 10eko gaueko 12etara luzatu den prozesu honetan, 638 proposamen egin dira. Horietako 336 (% 53) emakume-izenei dagozkie, 176 (% 28) gizonenak dira eta 126 (% 19) izen neutroak edo elkarte/erakundeen izenak ditugu.

Gehien aukeratu duten izena JULITA BERROJALBIZ BERROJALBIZ izan da, 235 lagunek izendatuta. Haren ostean, GESTO POR LA PAZ etorri da, haren aldeko 98 proposamenekin, eta BENITA ASAS MANTEROLA, 58 proposamenekin.

Jasotako beste proposamenak askotarikoak dira, batez ere, kultura, musika, euskara, kirola…. Besteak beste, Jose Angel Iribar Athletic Club Bilbao talderen futbolaria aipatu behar da, 17 proposamenekin (gehien proposatu den gizon-izena).

Gainera, proposamen bitxiak ere izan dira, hala nola, Balmasedako Udaletik jasotakoa, izan ere, 2015eko apirilaren 29ko Ezohiko Osoko Bilkuran Balmasedako hiribilduari Bilbon kale-izena ematea eskatu baitzuen. Beste proposamen batzuk Begoña auzoari lotutakoak izan dira, bertan baitago Memoria Historikoaren Legearen arabera izenez aldatu behar diren 2 bideetako bat.

Proposamenak jasotzeko bide nagusia posta elektronikoa izan da, eta proposamenen %6 baino ez da jaso beste arreta-bide batzuen bitartez (Erregistroa edo Zure Udalak Aditzen Dizu).

Era berean, proposamenen bidaltzaileei dagokienez, proposamenen % 54 emakumeek bidali dute, gizonek % 40 eta gainerako proposamenak (% 6) erakundeek, entitateek edo pertsona anonimoek egindakoak dira.

Alkateak aztertu eta erabakiko du

Parte hartzeko prozesua amaituta, Udalaren Herritarrentzako Arreta, Parte-hartze eta Barrutien Sailak izen guztiak aztertuko ditu zerrenda bat osatzeko asmoz. Hori hartuko du oinarritzat Alkateak kale, bide publiko eta plazen izendapen berria ebazteko.

Ildo horretan, kale eta espazio publikoak izendatzeko eskuduntza Alkatearena dela gogorarazi behar dugu.

Memoria Historikoaren Legea dela eta, Bilboko kale-izendegia aztertu da. Lehenik eta behin, hurrengo aldaketa biak egingo dira: batetik, Espainiako Printzeak zubia izenaren ordez Salbe zubia proposatu dute, izan ere, jendeak hala ezagutzen du; eta bestetik, Aita Remigio Vilariño kalea, Begoña auzoan kokaturikoa.

Aita Remigio Vilariño aldatuko duten lehenengo kale-izena izango da. Horretarako, herritarren parte-hartzearen ondorioz sortutako datu-baseaz baliatuko dira.

Alkateak hasieran luzatutako proposamenak

  • JULITA BERROJALBIZ BERROJALBIZ. Irakaslea, Bizkaian ikastolen mugimenduaren sustatzailea eta Loiun Lauro Ikastolaren eratzaileetakoa. Ajangizen (Bizkaia), 1923ko otsailaren 19an jaio eta Bilbon hil zen, 1998an.
  • BENITA ASAS MANTEROLA (Donostia 1897- Bilbo 1968) Irakaslea. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko Ekintzaile Feminista.
  • ADELINA MENDEZ DE LA TORRE (Asturias 1871 – Bilbo 1960). Bilboko irakaslea eta eskolako zuzendaria. Bilboko lehenengo eskola-jantokiaren sortzailea eta eskola-osasunaren nahiz hainbat berrikuntza pedagogikoren sustatzailea.
  • JUANITA MIR GARCIA (Iruñea 1905 – Bilbo 1937). Kazetaria eta ipuin, kontakizun eta antzezlanen idazlea. 1937an fusilatua, "subertsio gorri eta separatistaren propagandista" izatea eta "Movimiento" delako erregimenaren aurkako ideiak zabaltzea leporatuta.
  • BIZENTA MOGEL ELGEZABAL (Azkoitia 1782 – Bilbo 1854). Lehenengo euskal emakume idazletzat, euskal literaturara ere fabularen generoa ekarri zuen lehenengo idazletzat eta euskarazko Ume eta Gazte Literaturako lehenengo egiletzat hartutakoa.

Talde politikoek egindako proposamenak

  • Partido Popular Udal Taldea: Josefa Cruz de Gassier sopranoa; Matilde Raimunda de Orbegozo y Jugo poeta; Pilar de Zubiaurre y Aguirrezabal idazlea, Aurora Purificación Mañanós Jauffret kantaria; María de Maeztu Whitney; Elisa Poirier Bolívar eta Álvaro Alcalá Galiano y Vildósola
  • Udalberri: Mariví Bilbao, Virgina González Polo, Sabina de la Cruz, Indarkeria Matxistak Hildako Emakumeak, Benita Asas Manterola, eta Juanita Mir García.
  • Goazen Bilbao: Salbe Zubia; Juanita Mir García.
  • EH Bildu: Euskaldun berrien Kalea; Aste Nagusia Kalea, Aurora Arnaiz Amigo.
  • PSE: Gesto por la Paz; Paulino Gömez Beltrán; Juan Gracia Colás eta Clara Campoamor.